XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Geroxago idazki hoberenak baizik ez dituzte onhartu zinezko literaturatzat.

Zoazi zu ordea xuxen erabakitzerat nun den hoberenaren muga?.

Hasteko, ez du gaiak berenaz literatura egiten, gai guziak nolazpait besarka bait dezazke.

Idaz-moldeak, hots estiloak, erakutsiko ote dauku zertarik ageri den egiazko literatura? Ez eta ere.

Hanitz molde ba dira idazkintzan, denak berdin baliosak zoin bere sailean: bixtan da Topet-Etxahunen mintzaire kaldatsuak ez duela zer ikus Dibarart-en bertso baketsuarekin; ez eta Diharassarry-ren idazkera argi adimendutsuak Arbelbide-n ospearekin, are gutiago Hiriart-Urruty kalonjearen ele jori jauzikariarekin edo Etchepare midikuaren hizkuntza aberats apainduarekin.

Alta literaturaren hel-buruak ere ez gaitu hartaz biziki argituko: alabainan mendez-mende zertarako ez dute idazlek baliatu?.

Batek nahi ukan du izan jostatzale, bertzeak edertzale, hunek argitzale, horrek bazterren zeatz-erakusle, harek gogo-bihotzen ikerle; izan dira ere amets-saltzaleak, mundu-ukatzaileak, mundu berri asmatzaileak; agertu zaizku ixtorio edertzaleak bai eta zikintzaleak; batzu biziari doazkon auzieri jarraiki zaizkote, bertzeak jendeen arteko gaieri, zonbaitzu jakitateari, nun ez diren mundu huntaz goragoko gauzez mintzatu.

Hots, zonbat jende, hanbat xede.

Alde hortarik ere literatura hertsiki ezin muga.

Honoré de Balzac-ek errepikatzen omen zioten gazteri: Erradak nork irakurtzen dituen hire liburuak, eta erranen dauiat nor haizen!.

Jende xeheak ez baditu gure idaz-lanak eskuratu nahi, ba dut beldurra ez gabiltzala behar litaken bidetik.

Behin aditu diot Orixe zenari, eskuarazko goi-literatura ez zela hiru ehun eta zoinbat hogoi lagunen arteko zer-egina baizik.

Haren ustez gaineratiko Eskualdunek ez zuten goi-literatura hortaz gozatzeko tirria izpirik.

Jakina: irakurle xehe gehienek ez dute libururik erosten beren buruaren hausteko, bainan denbora pasa, berek dioten bezala.

Irakur-gai errexa bilatzen dute eta atsegingarria: ez dute sakonkeria laket, ez eta solas bihurdikatua.